XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskaltzaindiak, gaur teatroak euskerarentzat emon leiken bizi-garra ikusiz, teatro ardurazko sail bat bere barruan bereziki izentatu bear leuke, teatro jaiak eratu, bixkortu, ugaritu ta aizetzeko.

Orretarako Donosti ta Bilbo'n urte buruan saioaldi batzuk eratu, txapelketa antzera, ta urtero-urtero, edo urte birik bein, taldientzako sariak erabagi ta emotea bide egokia litzake.

Txapelketa orreitan sartzen diran taldietako jokatzallientzako, trebetasuna goratu ta zaletasuna piztuteko, bakoitzari bere zeregiñean, goragarri ta aipamenezko lore, pitxi, sari edo ezaugarriak zabaldu bear dira.

Saio orrein diru-ardura berarizko batzar batek ikasi lei.

Olako txalo ta sarien atzetik, nire ustez, erri txikietako talde ugari batuko litzakez, gaur errietako taldien amesa eta gogoa erritik norabaitera urtetia izaten dalako.

Gaur errietan taldeak bizitasunik agertzen ez ba'dabe, segur egon aitzakirik indartsuena erbesteko ateak zabaltzen ez jakitetik datorrena dala.

Ondo pentsatu ezkero, aztuna da izan be illabete, bi edo irutako ikasketak illuntze bateko jai bakar baten ondoren amaitzeko egitea.

Euskaltzaindiaren lana.

Lenago aitatu dot Euskaltzaindiak batzar berezi bat izentau bear leukela teatroari indarra billatzeko.

Gaur bakarrik ezin geinke ibilli ta jokatu.

Batasun eta zuzendaritza artezak iñoiz baño bearrezkoago dira.

Euskaltzaindiak egin leikena auxe da: Len esan doguzan sariketa edo txapelketak eratu.

Errietako talde ta langilliei ateak zabaldu.

Nai litzake gaur nun, ze eratan ta zelako kondisiñoitan teatroan lan egin leiken argi-bide bat eukitea.

Au da, nun dagozan teatro lanak emon leikezan aretoak, ze eskatzen daben, ze egunetako uzten daben, zelako giro ta erantzupenez erri arek edo leku arek laguntzen daben, zelako neurrietako sala, eta antzerako zertzeladak, gitxi gora bera, al danik ugarien jakin bear litzakez.

Jakiña da, Euskaltzaindiaren besotik joan nai leukenak zintzo ta buruausterik emoteko dudarik barik jokatu bearko leukela.

Bein lanian asi ezkero, nire ustez egoki izango litzake, orain, urte bitik bein Alzaga sariaz aupatuten dan teatro-lana, Euskaltzaindiaren ustez yayo ta tajuz egingo leuken talde baten gain uztea, berari bideak emonaz Euskaltzaindiaren ardurapean lan ori Bilbo'n eta Donosti'n beintzat agertu eraziteko.